Martxoaren 2an Gipuzkoan euskarazko irratsaio jarraituak ematen hasi zirela 80 urte beteko dira. Euskara uhinen bitartez hedatzen zela ez zen lehen aldia, aurretik 1925-27. urteetan euskarazko irratsaio solteak Bilbo eta Donostian gauzatu baiziren.
Euskarazko irratsaioen esatari eta kolaboratzaileak Unión Radio San Sebastianeko estudioan. Tartean Amale Arzelus speakera, Joseba Zubimendi, Luzear...
Irratiaren garrantziaz eta beharraz aspaldian ohartu ziren garaiko euskaltzaleak eta 1932ko martxoaren 2an gorpuztu zen aukera hori Unión Radio San Sebastián irratiaren asteroko euskarazko emanaldiekin. Irratsaioa asteazkenetan izaten zen eta ordu beteko iraupena zuen eta astero eskaini zen, etenik gabe 1934ko urrian Errepublikako gobernuak debekatu zuen arte. Gauzatutako 137 irratsaio horietan aurkitzen dira euskarazko irratiaren hastapenak.
Euskarazko lehenengo programazioa sortzeko eta garatzeko, garai haietan Euskal Herrian emititzen zuen irrati bakarrean, Unión Radio San Sebastián, irratiaren sustatzaileak Joseba Zubimendi eta Ander Arzelus tarte bat alokatu zuten. Astero eskaintzen zen saioaren zuzendaria Joseba Zubimendi zelarik, Luzearen laguntza izaten zuen. Bere aitarekin batera speaker eta aktoresa gisa Amale Arzelus neskatoa jardun zen, euskal irratiaren lehenengo emakume esatari eta aktoresa.
Amalek zortzi urte zituen irratsaioetan hasi zenean: Bere aitak, Ander Arzelus ‘Luzear’ek prestaturiko solasaldi eta bakarrizketak mikrofono aurrean zabaltzen zituen.
1935. urteko estropaden zuzeneko retransmisioa Joseba Zubimendirekin esatari gisa. Argazkiaren jatorria Kutxateka.com
Garaiko euskaltzaleen laguntzarekin gauzatu zen beti zuzenean egin behar zen irratsaioa. Hitza, abestia eta hitza dena zuzen-zuzenean gauzatu behar zen irratiaren mikrofono aurrean. Eta mikroaren aurrean, gaur egunean sinestezina litzatekeen harrigarrizko lagun taldea: Zubimendi eta Arzelus 'Luzear', Joxe Ariztimuno 'Aitzol'. Xabier Lizardi, Telesforo Monzon, Emeterio Arrese, Orixe, Hemandorena, Toribio Alzaga, Beorlegi, Basarri, Elbira Zipitria, Dunixi, Tomas Garbizu, Aita Donostia, Aita Migel Altzo, Jean Lafitte, Oxobi… saioko izarra izan zen Amale Arzelus, honen ama Amale Arrieta, eta hauekin batera emakume ugari: Mercedes Aranburu, Pepita Iribas, Salgera andrea…
Euskal irratsaioak arrakasta lortu zuen garaiko entzuleen artean, horren lekukoa dugu Estepan Urkiaga Lauaxetak irratsaioaren lehen urteurrenean idatzitakoa:
“Artzeluztar Amaletxu edonork darau bere abotsa entzun dogulako ez behin, sarritan baino. Zubimendi azkarra, Luzear eta abar geure adiskide egin dira. Eta zelan gero? Irratijaren bidez! Holakorik entzuteko bere!”
Hasi berriak zirenean, Saratik Garmendia jaunak ongi etorria egin zien irratsaioei:
“Airetan dabiltzan egun mila deabru erderetan, sartu da azkenian euskara. Noiz izango dugu egun guziz?“
Urteak behar izan ziren helburua betetzeko, baina euskara jada hegaz zebilen, “arranoa baiño erosoago, arranoa baiño kementsuago hegaz dabilkigu”, -Luzearrek idatzi zuen moduan,-” irratia dela ta dabil gure euskera ttukuna hegaz”.
Joseba Zubimendiren funtsa
Joseba Zubimendiren idazlanak, Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegian ale digitalizatua eskuragarri.
Joseba Zubimendiren familiak 2010ean bere funtsa dokumentalak Gipuzkoako Aldundiari eman zizkion eta Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian gordetzen dira. Berauk digitalizatze prozesuan daude eta berebiziko garrantzia dute Zubimendik euskal irratsaio horien guztien gidoiak gorde baizituen. Hemen bertan Koldo Mitxelena liburutegiko katalogoan jada Joseba Zubimendiren hainbat dokumentu eskuragarri jarri ditugu.
Joseba Zubimendik eta Ander Arzelusek hasitako lanari omenaldi gisa, eta euskal irratigintzaren historia ezagutzera emateko, bi egunetako jardunaldiak egingo ditugu Koldo Mitxelenan: Euskara hegaz, Euskal Irratiak 80 urte jardunaldiak:
Euskara hegaz, Euskal Irratiak 80 urte jardunaldiak
Data eta mugarri hori gogora ekartzeko Koldo Mitxelena Kulturunean jardunaldi hau antolatu dugu:
Martxoak 1, osteguna, 19:30etan
Hitza irran, euskal irratsaioaren historia
• Euskal irratsaioaren historia, Koldo Ordozgoiti
• Euskara irratian, hedabide berri bat euskararentzat, Elixabete Garmendia
• Irratiaren sorrerako garaia: Zubimendi, Luzear eta garaiko euskaltzaleak, Inazio Mujika Iraola
• Joseba Zubimendiren funtsa: altxor bat gurean, Koldo Ordozgoiti
Eta, ostiralean, hilaren 2an, ordu berean:
Irratiaren zubia: Joseba Zubimendi, Ander Arzelus eta Amale Arzelus, irratiaren aitajaun eta amandretik egungoraino. Ekitaldian partaide izango dira: Txaro Arteaga, Amale Arzelus, Mirene Zubimendi eta Koldo Ordozgoiti. Irratiaren zubia lehen irratsaioaren 80. urteurreneko egunean –eta ordu berean- eraikiko da; omenaldia eskainiko zaie irratia sortu zuten gizon emakumeei, bertan dela Amale Arzelus, eta uztardura egingo da euskal irratiaren ondorengo garapenarekin.
Edukiak: Argazkiak, loturak, idatziak...
Unión Radio San Sebastiáneko bidegileen makina bat informazio Interneten zehar sakabanatuta aurkitu daiteke. Honakoarekin, horietako zenbait atal bakarrean eskuragarri jartzen ditugu.
Garai hartako argazki gehienak egun Kutxateka.com webgunean ikusi eta kontsultatu daitezke. Horietako zenbaitzu Kutxatekako erreportaien bitartezko sailkatzea errespetatuz hemen eskuragarri jartzen dizkizuegu. Argazki guztietan Joseba Zubimendi tartean ikusiko duzue.
Bidegileak bildumapean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2009ko abuztuan publikaturiko Bidegileak Joseba Zubimendi Martirena aleak merezi du bistadizo bat botatzea.
2010. urtean Gipuzkoa 2.0 ekimenaren pean diruz lagundu ziren proiektuen artean, 2. eranskinekoak garapen teknologikoei bideraturik egon ziren.
Aurkezturiko proiektuen artean, FitBak enpresak garaturiko Uhinbak aplikazioa lagundu zen. Aplikazio honek euskaraz jarduten duten 12 irrati sakelekoan entzuteko aukera eskaintzen du. Proiektu honek Eusko Jaurlaritzaren eta Berria Fundazioaren laguntza jaso zuen.
Euskara hutsean emitzen duten 12 irrati entzun ahal dira gaur egun. Honako hauek:
2010. urteko dirulaguntzen irizpideak eztabaidatzeko Auzolana prozesuan zehazten zen bezala,
"...Onuradunak dirulaguntza jaso eta urtebete barruko epean, garatutako tresna nahi bezala ustia dezake. Urtebeteko epea betetakoan, ordea, garatutako tresna edo aplikazioaren kodea (egongo balitz), Foru Aldundiak modu irekian Interneten jartzeko eskubidea beretzat gordeko du. "
Alegia, 2012ko irailera arte FitBak enpresak garaturiko aplikazioa nahi bezala ustiatzeko askatasuna du, aldiz, aplikazioa publikatu eta urtera GFAk iturburu kodea software aske gisa (GPL, NewBSD , EUPL ...) publikatzeko eskubidea beretzat gordetzen duela.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuak Euskomediarekin duen hitzarmenaren bitartez, 2010. urtean Gipuzkoako hainbat Udalen argazki bildumak digitalizatu eta katalogatzeko lanak egin genituen. Hala nola, Beasain, Hondarribia, Oñati, Urnieta, Zaldibia eta Zestoako Udalen argazki funtsak GureGipuzkoan herritarren esku jarri ziren.
Aurten ere bi erakundeok egitasmo berberarekin aurrera egin nahi dugu ta interesa izan dezaketen Udalei dei egiten dizuegu: Zuen herrian argazki bildumik ba al duzue? Digitalizatu eta katalogatzearekin batera, zuen herritarren esku Creative Commons lizentzia libreekin eskuragarri jarri nahi al dituzue?
Ba kaso egigozue "derrepente" Koldo Mitxelena Kulturuneko bulegoetara ta elkarren berri izango dugu.
Informazio eta Komunikazio Teknologiek (IKTek) aukera berriak irekitzen dituzte eduki digitalak sortzeko, globalki hedatzeko eta gizarte osoaren esku jartzeko.
2008an abiatu zenetik, Europeana Europa mailako ekimen arrakastatsuenetako bat da, aukera horiek baliaturik hiritarrei Europa osoko ondare kultural eta zientifikorako sarbidea bermatzen diena ingurumen eleanitz batean.
Europeana ekimenari esker, Europako 1.500dik gora kultur erakunde 15 milioi edukiko liburutegi digital bat partekatzen ari dira soluzio eta aplikazio teknologiko komun batzuen bidez. Europeana ekimenean parte hartzen duten erakundeen artean aipagarriak dira Londresko British Library, Parisko Louvre eta Amsterdameko Rijksmuseum.
Gipuzkoa 2.0ren barruan, Gipuzkoako Foru Aldundia lankidetza estuan ari da Europeana ekimenarekin bere interfazea euskaraz garatuz eta bere eduki digitalak integratuz.
Ekimen honen berri emateko eta Europeana ekimenaren esperientzia azaltzeko, Anne Marie van Gerwen Europeanako Marketing eta Komunikazio zuzendariak Maria Jesus Aranburu Kultura eta Euskara Diputatuarekin batera Koldo Mitxelena Kulturuneako areto nagusian ostiral honetan hitzaldia emango du.
2009ko udaberrian Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuan GureGipuzkoa.net ataria aurkeztu genuenean, bi argazki bilduma erakusten hasi ginen: Indalecio Ojanguren eta Sigfrido Koch. Irakurleak bi bildumetan zehar nabigatzeko aukera izan badu, bi bilduma hauek jorratzen dituzten zenbait gai zehazkien katalogazio maila apal xamarra dela ohartuko zen.
Ikuslearen arreta eskuratzeko gaitasuna duten argazkiekin aipaturiko egoera hau agerian geratzen da: Zeintzu dira bozkatzen ageri diren pertsona hauek?, non daude? baserri hau non dago?, zutik dirau?... pareko galderak egiten ditu irakurleak, eta gehiago, Indalecio Ojanguren bilduma txundigarria bistaratzen duenean. Eta Indalecioren argazkiak Bilboko Burdin Hesia gai nagusi bezala badute, berauen kontestuaz gehiago ezagutzeko interesetik grinera pasako gara.
Koldo Mitxelena Kulturunean eta Tolosan kokatua dagoen Gipuzkoako Artxibo Orokorreko Kultura eta Euskara Departamentuko teknikariok kudeatzen ditugun argazki gehienen kontestua ez dugula ezagutzen agerikoa da. Ezinezkoa da. Zentzu horretan eta argazkien informazioa ahal den neurrian osatzerakoan, argazkietan ageri daiteken kontestua hobekien ezagutuko duen erakunde, norbanako edo elkarteren laguntza ezinbestekoa zaigu, hartara, bere ezagutza gurekin partekatu eta denek elkarlanean egindako lanaren onurak jaso ditzagun.
Elkarren berri izan ondoren, eta guztiok onuratu genezakela elkarri egindako lanarekin, Sancho de Beurko Elkartea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentua GureGipuzkoa.net atariaren bitartez elkarlanean oinarritutako ekimen bat hasi dugu. Ekimen honen bitartez, Sancho de Beurko Elkarteak webguneko Ojanguren bilduman "Cinturon de Hierro" gai pean dauden argazkiei dagozkien deskribapen eta geokokapen zehatz eta zuzenak eskuratzen ditu.
Bi erakundeok jarraitzen ari garen lan metodologia honako hau da:
Elkarteko kideek, "Izenburua", "Deskribapena", "Kokapena", "Tag" eta ezagutzen dituzten kokapenen koordenaden waypointak bidaltzen dizkiete, hartara, beraien geokokapen zehatza burutu dezagun.
Informazio andana atalka osatzen dijoazten eran, egindako lana jasotzen duen kalkulu orria bueltan bidaltzen digute.
Informazio osatua eta itzulpenak eginda dituen kalkulu orria IZFEra bidaltzen da, bertatik kudeatzen baidira Kultura Departamentuko bilduma ofizialak.
Bildumak GureGipuzkoa.net atarian Sancho de Beurko Elkarteko ekarpenekin eguneratu eta ikusgai agertzen dira.
Bilduma ofizialen eguneratze prozesua zertxobait *aldrebesa* da, IZFEko zerbitzarietan dagoen informazioaren eta GureGipuzkoako online bertsioa bat datozela eta bateragarriak direla ziurtatzeko. Hala ere, bi gai kontuan hartzekoak dira Elkarteko gure lagunek egiten ari diren lanaren inguruan.Argazki askoretan agertzen ziren elementu militarrak deskribatzeko garaian Indalecio Ojangurenek deskribapen orokor bat erabili zuen.
Deskribapen hauek ez datoz bat beraien izendapen zuzen eta teknikoarekin eta Elkarteko adituak 1933-1936 urteetan Academia Militar de Artillería e Ingenieros de Segovia delakoaren eskuliburuetan oinarritu dira izendapen zehatzak ezartzerakoan. Eskuliburuak honako hauek dira:
SANCHEZ-TEMBLEQUE, Luís y GÁMPORA, Juan, “Fortificación de campaña”, Imprenta de la academia de artillería e ingenieros, Segovia, 1936 SANCHEZ-TEMBLEQUE, Luís Y GARCÍA RODRÍGUEZ, Fernando, “Fortificación permanente”, Imprenta de la academia, Segovia, 1933.
Aldi berean, jada Indaleciok ezarritako izenburua duten argazkietan, berak emandako izendapen okerra gorde egin da, egonezkero, eta Elkartearen ekarpena argazkiaren "Deskribapena" eremuan gorde da. Kontuan izan behar dugu Indalecio Ojanguren aparteko argazkilari profesionala zela, bainan ez aldiz izendapen eta babesgune militarretan. Lan eremu honetan, Sancho de Beurko Elkarteko kideek ez dute parekorik.
Aurreko lerroetan aipatu dugun bezala, lan prozesua atalka gauzatzen ari gara eta une honetan, 2011ko martxoaren amaiera, 25 argazkiei dagozkien informazioa eta dozena baten geokokapenak jaso ditugu. Elkartean lana aurreratzen duten einean, informazio hori GureGipuzkoa.net atarian erakusten joango gara. Eguneratze prozesua geldoa delaren aitzakian batenbat kexu izatea posible bada ere, kontuan izan behar dugu Elkarteko kideek lan hau egiteko musutruk beraien burua eskaini dutela eta beraien aisialdiko denbora eskaintzen dutela, hori horrela izanda, bi bider eskertzen diegu egindako lanagatik. Beraz, milesker Sancho de Beurko Elkarteari Kultura eta Euskara Departamentuaren izenean!!
Sancho de Beurko Elkarteari esker geokokatu ditugun lehenengo hamabi argazkiak hauek dituzue: