GipuzkoSfera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuaren ekimena da. GureGipuzkoa.net atarian Gipuzkoako argazki ondare bizia jasotzen genuen, herriz herri eta auzoz auzo; GipuzkoSferarekin irudietatik haratago daramagu mundu globalizatu batean bereziki baliotsua den kontzeptua: hiperkokapena. Ez izutu hitz potolo honekin!
Hiperkokapena teknologia berrien abantailak eta geokokapena aprobetxatzean datza, erabiltzaileari bere inguru hurbileko edukiak edo zerbitzuak eskaintzeko. GipuzkoSfera-ren kasuan kultur edukiak bere testuinguru geografikoan kokatzen dira, hurbilekoaren balioa ustiatuz. Eta hurbileko bezala ulertu behar da zure herria, zure auzoa, zure kalea… baita oraintxe bertan zauden leku zehatza ere.
Imaginatu ahalbide guztiak...eta goza itzazu zure hurrengo aisialdi irteeran. Ermita bat ikustera zoaz? Zer duzu inguruan? Zer dago ate itxi horren atzean? GipuzkoSfera-ren bidez puntu horretan geokokatutako eduki guztietara sartzeko aukera duzu. Ermitaren barruko irudiak ikus zenitzake; giroan sartzeko eliz-kantak entzun; ermitaren eraikitzeari buruzko aktak eta agiri historikoak kontsultatu. GipuzkoSferak izaera ezberdineko edukietara sartzeko aukera ematen dizu: dokumentuak, irudiak, audioak, bideoak, baita bideo esferikoak ere zuk nahi duzun lekura begiratu ahal izateko
Ikusten duzunez, kultur-produktuak eskuratzeko eta gozatu ahal izateko modu berri bat da. Baina urrutirago joan gaitezke, eta jauzia eman kontsumitzaile arrunt izatetik eduki aktiboen hornitzaile izatera. Kultura eta Euskara Departamenduak Creative Commons lizentziapean edukiak erabiltzeko eta berrerabiltzeko aukera ematen duen modu berean, atea ireki eta gonbidatu egiten zaitu zure ekarpena egin eta zeure edukia gehitzeko. Espiritua denengandik jasotzea… eta denei eskaintzea da.
Hau guztia posible eta eskuraerraz egiteko, GipuzkoSfera web aplikazio bat da, maparen inguruan zentratua eta bilatzaile fazetatu batean oinarritua; Google erako testu libreen bilaketak egitea ahalbidetzen duena, gero hobetzeko aukerarekin. Honela, zure auzoa arakatu ahal duzu, edo Gipuzkoan zeharreko zure hurrengo bisitaldia edo bidaia prestatu, eta benetako joan-etorriaren aldez aurreko bidaia birtuala egin.
Baina, GipuzkoSfera web aplikazio soil bat baino gehiago da, plataforma irekia izanik, bere erremintak edonork ere erabil ditzakete. Atzipen erreminta hauek API izenekoak dira; eta aukera ematen dute webguneak tuneatzeko. Interesgarria ezta? Eta hau hasiera baino ez da, etorkizuneko aplikazioetarako abiapuntua: GPS adimendunak, mugikorrak…
Izan ere, GipuzkoSfera jada eskuragarri dago errealitate areagotuko mugikorrerako aplikazio baten bitartez, edukietara kokapenean bertan sartzeko aukera ematen duena.
Azken aldian museo edo erakusketa aretoren batera joan zara, non ikusentzunezko bitartekoak erabiliz erakutsitako lanei dagozkien zehaztasun guztiak ematen diren? Oso modu eraginkorra da artelanak testuinguruan kokatu eta aberasteko, ezta?
Hortaz, denon artean gauza bera egin dezakegu gure lurraldean; Gipuzkoa osoaren kultura hobeto ezagutzeko eta aberasteko gune birtuala. Nahi duzun unean, nahi duzun lekuan bisitatzeko. Patrikan eraman ahal izateko. Horixe da GipuzkoSfera.